Zer da Antzuolako alardea?

Antzuolar komunitatearen urteroko ohiko autoafirmazio errito nagusia da Alardea.

Buruzagia, Mairua, fusilariak, desfilea, kanoiak, dantza, Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, bolbora usaina… dena nahas-mahasean uztailero.

Mairuaren Alardeak balio historiko eta folkloriko handia du, Euskal Herriko Kultura Ondarea ikaragarri aberasten duena.

Bertan bi gertakari goraipatzen dira. Lehenik, Foruen galera aurretik euskal herrietan arma eta milizien egoera jakiteko urtero ospatzen ziren alardeak. Baina alardeak egitea galdu eta 1876an

euskal foruak desagertu ostean, Euskal Herri osoan garai bateko ospakizunak berreskuratzeari ekin zitzaion, eta 1881 urtean Mairuaren pertsonaiarekin alardea egiteari ekin zitzaion Antzuolan. Bigarrenik, 920. urtean, ustez, Baldejunkeran antzuolarrok mairuen kontra izandako borroka aitzakia hartuz, herri izatearen harrotasuna ere adierazi nahi da.

Bi zati ditu ospakizunak: batetik, kaleetan zehar egiten den desfilea; eta, bestetik, Herriko plazako ekitaldia.

Oro har, uztaileko hirugarren zapatuan ospatzen da alardea, Antzuolako jaietako zapatuan. Hala ere, nahasketarik izan ez dadin, data zehatza hauxe da: hirugarren domekaren bezperan (beti ez da izaten hirugarren zapatua).

Ya queda menos...

Berezitasun Nagusiak

  • Ospakizun tradizionala eta propioa da, Antzuolan bakarrik egiten dena, belaunadiz-belaunaldi transmititu dena.
  • Herri nortasuna adierazteko erritoa da.
  • Herri identitatearen ezaugarri bat.
  • Herritarren partaidetzaren bitartez plazaratzen dena.
  • Gipuzkoako Kultura Ondareari egiten dion ekarpen aberatsa ezaugarri duena.
    • Ospakizun singularra da eta ezaugarri propioak dituenez, beste Alardeetatik bereizten da: Ospakizun zibila da, euskal tradizioan hain ohikoak diren elementu erlijiosorik gabekoa, honek propiotasun bat eransten dio, gaur egungo gizarte laikoarekin bat eginez.
    • Mairuaren pertsonaia agertzen den beste jaiekin alderatuz, honetan ez dago bereganako ezarpen erlijiosorik.
  • Alardearen jaian osagarri asko integratzen dira: herrian zehar egiten den desfilea eta Plazako ekitaldia, kultur adierazpen ugari erakutsiz: musika (umeen eta helduen abesbatza, txistulariak, dantzariak, mairuaren musika taldea, dultzaineroak metal boskotea…), diskurtsoa, kanoi eta fusilen deskargak…
  • Garaian garaira egokitzeko ahalmena.
  • Mairuaren Alardea XIX. mendearen amaieratik hona ospatzen da. Denbora horretan, hainbat aldaketa izan ditu, eta garaian garaiko balioetara egokitzen jakin izan du: esaterako, mairuari turbantea kentzeko eta zapaltzeko agindua kendu zen; aurrez diskurtsoa gazteleraz bazen ere, 1980an euskaratu egin zen; arropa eta jantziak ere aldatu dira; emakumeak sartu dira… hala ere, aldaketarik handienak eta nabarmenenak 2009koak izan dira.
  • Ospakizun osoa euskaraz egiten da.
    • Batetik, antzezpena bera: buruzagiaren diskurtsoa, Mairuaren hitzak (euskara-arabieraz), abesten diren letrak, kapitainak gudariei ematen dizkien aginduak.
      Alardearen antzezpenean egin den beste aldaketa edo egokitzapenetako bat, bertako euskalkia erabiltzea izan da. Hala, azken urteotan, Antzuolako konpainiako buruzagiak bere diskurtsoan Antzuolako hizkera erabiltzen du.
    • Bestetik, herritarrei, bisitariei zein kazetariei helarazitako testu idatziak eta, oro har, alardearen inguruko ohar eta komunikazio guztiak euskaraz dira.