Musikak garrantzi eta protagonismo handia hartu du Antzuolako Alardearen antzespenean. Dirudienez, alardearen lehen musika-interpretazioak XX. mende hasierakoak dira. 2025ra arte, "Marcha Real Fusilera" izeneko Espainiako musika-pieza militar bat jotzen zen alardean; hori bai, Bergarako Udal Bandako zuzendariak ziren Miguel eta Alfredo González aita-semeek diseinatutako beste pieza berri batzuk gehituta.
Alardearen abestian gaineratu behar da 2009. urtean Valen Moñuxek bertso batzuk diseinatzea proposatu zuela, ondoren Xabier Amurizak berrikusi zituenak.
Fusilarien martxa.-
Gaur, alardearen martxa berria bada ere, garai batean desfilean entzuten genuen musikak izen bat baino gehiago zituen. Espainiako musika militarraren antologiaren barruan, gainera, ezagunenetakoa zen: XVIII. mendeko "Marcha de Fusileros para pífanos y Tambores de Espinosa. Música de Ordenanza de Carlos III" bezala ezagutzen zen, baina baita bi izen hauekin ere: "Marcha de los Infantes" edo "Marcha de Fusileros".
Baina gaurko garaietara egokitze aldera, martxa hau aldatzea erabaki zen, eta 2025ean martxa berria du Antzuolako Alardeak.
Alarderako martxa berria (2025).-
Esana da herri baten kultura adierazpenak inoiz ez direla estatikoak eta aldaezinak izaten, garaian garaiko herritarren izaera eta borondatearekin batera joaten dira eboluzionatzen, berrizten eta aberasten, eta horregatik lortzen du herri batek bere kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzea (gazteenei, batez ere) eta mendez mende iraunaraztea. Horra hor, 1980 eta 2009ko urteetan Alardeak izan zituen aldaketa nabarmenak.
Ildo honetatik, 2024ko urritik 2025eko urtarrilera bitartean, Antzuolako Alardearen antolakuntzaren bueltan elkartzen diren eragile ezberdinekin parte-hartze prozesu bat egin zen. Bertatik sortu zen 2025eko Alarde ospakizunean martxa berria estreinatzeko egitasmoa. Nahiz eta parte hartzaileon artean Alardearen martxa aldatzeko iritziak kontrakoak ere izan, Antzuolako Udalak, Alardearen elkarteak, Alboradak txistulari taldeak, Oinarin dantza taldeak eta hainbat herritarrek "Alardearen batzordea sendotzeko eta Alardearen martxaren aldaketaren inguruan jarduteko" egindako lan prozesu baten emaitza da martxa berria.
Bere sortzailea, Ion Gurutz Biteri dugu, musika arloan eskarmentua duen herritarra.
Berak hainbat irizpide hartu zituen aintzat martxa berria egiteko; besteak beste:
- “Marcha Real Fusilera” delakoarekin lotutako pasarte guztiak saihestea.
- Moldaketaren abiapuntu bezala, Iparragirreren “Gora Euskara” eta Jose Ignazio Antsorenaren “Antzuola” obrako biribilketa erabiltzea.
- Martxa berria militarra izaten jarraitzea.
- Txistua ardatz bezala hartuta, metalak gehitzea.
- Alardearekin koherentzia mantendu eta mairuaren segizioko abestiekin kontrapuntua izatea.
Eta hala, 2025eko uztailaren 19an kaleratu zen Alardearen martxa berria.
Mairu martxa.-
Alfredo Gonzalez Chirlaque musikoak Mairu erregea azaltzen zen unerako mairuar martxa bat konposatu zuen. Desfilean, Mairu erregearen segizioari laguntzeko, Levanteko mairu eta kristauen desfileko mairuaren martxa tipiko bat aukeratu zen, "Xabier el Coixo" izenekoa, hain zuzen ere. Mairuaren martxaren ezaugarririk nagusienak dira perkusioan tinbalak dituela eta erritmoa “obstinato” delakoa da.
Melodia, berriz, dultzainek jartzen dute. Gure folklorean erabat integratuta dagoen instrumentua da eta Alardean ere sartuta dagoena. Dultzaina Txirimia, gaita… familiako instrumentua da. Jatorria ekialdean duen instrumentua izanik, arabiar musikarekin oso erraz identifikatzen da. Ezinbestean Nafarroarekin lotzen gaituen instrumentua ere bada.
Tropa bien liderren adiskidetze unea baino lehenxeago entzuten da hain zuzen ere. Perkusiozko instrumentu asko batera jotzean, konposizioa kolore eta doinu exotikoz jazten da; unerik nabarmenena eta entzutetsuena gong-a e jotzen denean gertatzen da.
Segurako Alborada Biribilketa.-
Antzuolako buruzagia Herriko Plazan bere tropekin formatuta sartzean hasten da benetako alardea, armak ikustatzeko unean.
Une horri berebiziko garrantzia eta formaltasuna emateko zentzu handiko musika pieza bat aukeratu zen: Segurako Alborada.
Herriko txistulariek urteetan zehar askotan jo izan duten biribilketa izaki, antzuolarrentzat nostalgia sortzen duen pieza da.
Antzuola Zortzikoa.-
Jose Ignazio Ansorena konposatzailearena, duela urte batzuk Antzuolako txistu taldeari zortziko bat eskaini zion. Alardean zehar Iparragirreren bertsoen artean zortziko hau jotzen da, melodiatzat honek ere zortzikoa du.
Musika pieza hauek erabiltzen dira herriko nesken dantza taldeak alarderako egin den dantza propioa dantzatzeko.
Alardearen kantua.-
Duela urte batzuk Bergarako Udal Bandako Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariak Bergarako bandarako konposizio bat egin zuen, alardearen martxako melodiak eta Iparragirreren bertsoak batuz. Harrezkero, Bergarako bandak urtero Antzuolako jaietan eskaintzen duen kontzertuan jotzen da. Oso pieza ezagun bihurtu da eta ikus-entzuleek konposizioko zatirik erritmikoenak txaloak joz laguntzen dute.
Musika ezagun horri, hitzak gehitu zaizkio eta hala, alardearen azken edizioetan, abesbatzak eta alardea ikustera joandakoek kantatu egiten dituzte.
Alardearen bukaera eta agurra osatzen du kantu horrek.
Antzuolako auzoak
Basalde, Lizarraga
Irimoi biak eta
Galartza, Uzarraga
Herrigune xarmanta
mendi (eta) baserriak
ditugu inguru maite
ta ikusgarriak
Ongi etorriak izan
beti gure herri maitera
kantuz ospa dezagun
guda bukaera
Irten gaitezen denok
Herriko plazara
eskeintzen dizuegu
geure besarkada
Irten gaitezen denok
Herriko plazara
kanta dezagun harro:
Antzuolarrak gara!



