Iparragirreren bertsoak Alardean

Ospetsuak dira Antzuolako alardeari, eta bereziki banderari, Iparragirrek egindako bertsoak. Badirudi une hartako Antzuolako alkateak eskatuta idatzi zituela, izan ere Iparragirrek hainbat enkargu ere onartzen zituen erromeria eta udako ferixetatik.

Bertsioak bertsio, Antzuolako batzarrari zuzendutako bertso hauek Arturo Kanpioni bidali zizkion Iparragirrek Eskoriatzatik 1878ko abuztuaren 11n. Eta bostak eman zituen Kanpionek “Revista Euskara” (I alea, 203-205 orrietan) delakoan, 1878an. Antzinako grafia errespetatuta, horrelakoak dira bertso haiek:

MAIRUEN BANDERA

(I)
Nafarrac Don Garcia
Erregue zutela
Odolez estali zan
Ichuski Junquera!
Africanoac orruz
Legoiak becela…
Cioten cristau bicirik
Utzico ez zutela

(II)
Baña Euscaldunac
Laurac bat aurrera…
Cioten fedeagati
Danoc illgo guera.
Jo!… jo!… eta ez eman
Pauso bat atzera
Gureganatu arte
Moroen bandera.

(III)
Mutillac! ara nun dan
Illargui erdia;
Arrapatu dezagun
Naiz galdu bicia.
Ara hemen banderá…
¡Viva Euscal-Erria!
Eta Antzuolarentzat
Onra eta gloria.

(IV)
Erran adiskideac
Orduan becela:
Nafarrakin gaur ere
Anayac guerala:
Bat da gure izarra…
Bat gure bandera…
Itz santu bat bacarra,
Euscaldunac guera.

Bertso horiei atxikita, badoa beste seigarren bat, ez daukana aurrekoekin loturarik, baina garrantzitsua dena adierazteko garai hartan kantari honek bizi zuen egoera animikoa edo emozionala zein zen. Izan ere, Argentinan zegoela euskal foruak kendu zituzten 1876an, eta horren etsipenarekin-edo desiatzen zegoen Euskal Herrira bueltatzeko. Anjelak ere, bere emazteak, hauxe esaten zuen une hartako egoerari buruz:

“Como loco se volvió. Se pasaba los días llorando de rabia y tenía un humor de todos los demontres”

Iparragirrek  idatzitako bertsoak ugariak izan baziren ere, foruak eta Euskal Herria dira batez ere gehienetan antzeman daitezkeen sentimenduak; eta baita Antzuolarako idatzikoetan ere. Foru zaletasun hori adierazteko adibidez, nork ez ditu bertso hauek ezagutzen:

“Fueristak gera, eta izango
Mundua mundu den artean,
Sentimentu hau bizirik dago
Betiko Euskalerrian.»

Idazkera aldetik bertsio ezberdinak dauden bezala, edukiaren aldetik ere aldaketa batzuk somatzen dira bertsio batetik bestera.

Bigarren bertsio bat, bada, Antzuolako Udalak ustez Iparragirrek emandako bertsoak aintzat hartuta; Bergarako moldiztegian edo inprentan kaleratutako kopia bat da. 1905ean kaleratu zen dokumentu hau eta horrela dio:

(Antzuolan kaleratutakoak)
(I)
Naparrak D. Garcia
Erregue zutela
Moruac artu zuten
Bay Valde-junkera
Africanuac orruz,
Legoiak becela
Cioten Cristau bicirik
Utziko etzutela.

(II)
Bañan Anzuolatarrak
Dijuaz aurrera
Esanaz fedia-gatik
Danok ilko guera
Jo, jo eta ez eman
Pausorik atzera
Guria izan arte
Moruen bandera.

(III)
Mutillak, orra nun dan
Illargui erdia
Arrapatu dezagun
Naiz galdu bicia
Orra emen bandera
Viva euskal-erriak
Eta Anzuolatarrendako
Onra eta gloria

(Jatorrizko bertsioa)
(I)
Nafarrac Don Garcia
Erregue zutela
Odolez estali zan
Ichuski Junquera!
Africanoac orruz
Legoiak becela…
Cioten cristau bicirik
Utzico ez zutela 

(II)
Baña Euscaldunac
Laurac bat aurrera…
Cioten fedeagati
Danoc illgo guera.
Jo!… jo!… eta ez eman
Pauso bat atzera
Gureganatu arte
Moroen bandera.

(III)
Mutillac! ara nun dan
Illargui erdia;
Arrapatu dezagun
Naiz galdu bicia.
Ara hemen banderá…
¡Viva Euscal-Erria!
Eta Antzuolarentzat
Onra eta gloria.

Iparraguirre jaunac ditu berso onec gure banderari atariac, orain ogueita sei urte

Anzuolan 20 Abostoan 1905

Bertsio biak konparatzen badira, nabaria da Antzuolan 1905ean kaleratzen diren bertsoetan “esku sartze” bat egon zela, eta norbaitek une hartarako egokiagoa zen beste bertsio bat kaleratu zuela. Agian aldaketa nabarmena “Laurac bat” delako leloaren desagerpena izan daiteke. Baina, badago, dena den, hutsune nabarmenagoa, laugarren bertsoa ez dela Antzuolako Udalak kaleratutako bertsioan azaltzen:

(IV)
Erran adiskideac
Orduan becela:
Nafarrakin gaur ere
Anayac guerala:
Bat da gure izarra…
Bat gure bandera…
Itz santu bat bacarra,
Euscaldunac guera.

Hemen ere, bada, “Laurac bat”, “Nafarroa”, “Anayac guerala”,… eta euskaldunon batasunarekin loturiko beste ideia batzuk nahita edo nahi gabe ezkutatu ziren.

Aipatu dugu Iparragirreren saminaren eragilerik nagusiena euskal foruak desagertu zirenean gertatu zela. Hori izan zela Euskal Herrira bueltatzeko arrazoi nagusia. Baina ez zen bakarra izan. “Ley Paccionada” (1841) geroztik Nafarroak bere status politiko berezia galduz, foruek emandakoa, alegia, Espainiako beste probintzien maila hartzen du. Aldi berean antzematen du galtze horrek euskal probintzien arteko anaitasuna apurtu egiten duela. Hori dela eta, 1878ko ekainaren 28an, “Nafarroako Alkarkidari” izeneko bertsoak idatzi zituen, eta, nola ez, Nafarraorekin euskaldunok izan beharreko loturak aldarrikatzen zituen. Bertso bat badago gainera, Antzuolan abesten denarekin lotura handiak dituena:

“NAFARROAKO ALKARKIDARI”
Zorioneko batasunean
Nafarrak, gure anayac,
Bizi dirade lege onean
Gaur guztiz gizon ernayac,
Guregatik on, errango badu
Etorkizunak kondairak,
Laurak bat beti!… maite alcartu
Izan Euskaldun leyalak”.

Hemen ere “Laurak bat”, “Nafarrak gure anayac”,… ideiak errepikatzen dira, eta sentimendu honek, nola ez, “Mairuaren Bandera”n adierazten dira.

Iparragirrek idatzitako bertsoak alardean abesten dira, kapitainak diskurtsoa botatzen duen etenalditxo batean. Esan beharra dago, hala ere, bertso hauek ez direla betidanik abestu, baizik eta 1976an hasi zirela abesten, une hartan parrokiako koruko abesbatzaren partaide eta Simon Artolazabal organistaren zuzendaritzapean.

Dena dela, badugu beste egokitzapen bat (edo beste bertsio bat, esan nahi bada) eta da orain alardean abesten diren bertsoak. Hemen, berriz, Iparragirrena ez den beste bertso berri bat txertatzen zaigulako:

(IV)
San Juan Uzarragako
seme txit argiak
ziran Balde-junqueran
irabazliak:
batzar etxean dauden
illargi erdiak
dira Antzuolarentzat
txit onragarriak

Bertso berri horren egilea ez dakigun arren, 1976ko alardean dagoeneko abesten da. Egileak egile, hauek dira urtero herriko abesbatzak abesten dituen bertsoak:

(I)
Nafarrak On Garcia
errege zutela,
odolez estali zan
bai Baldejunkera:
afrikanoak, orruz
legoiak bezala,
zioten kristau bizirik
utzi behar ez zela.

(II)
Baina euskaldunak,
Laurak bat aurrera!
zioten: fedeagatik
danok hilgo gara
jo!… jo eta ez eman
pauso bat atzera…
gurea izan arte
mairuen bandera.

(III)
Mutilak, hara non dan
ilargi erdia;
harrapatu dezagun
nahiz galdu bizia;
hemen degu bandera,
upa Euskal-erria!
eta Antzuolarentzat
onra eta gloria.

(IV)
San Juan Uzarragako
seme txit argiak
ziran Baldejunqueran
irabazliak:
batzar etxean dauden
ilargi erdiak
dira Antzuolarentzat
txit onragarriak

(V)
Esan, adiskideak,
orduan bezala,
Nafarroakin gaur ere
anaiak gerala;
bat da gure izarra,
bat gure bandera:
esan beti Laurak-bat
izan nahi dugula.

Jatorriz, bertso hauek ez dute inongo doinurik edo musikarik; bertso soilak besterik ez dira. 1978an, ordea, armoniaren bat jartzea erabaki zen bertso hauek alardean abesteko. Armonia, Antzuolan ezaguna dugun Miguel Gonzalez Bastidak jarri zion, eta hori egiteko Iparragirrenak diren beste bertso batzuek “Gora Euskara” zeramaten musikaz baliatu zen.

Esandakoak esanda, beraz, Iparragirrek Antzuolako Batzarrari idatzitako bertsoek gora-behera dezente izan dute idatzi ziren momentutik.

Newsletter 20170117